Pixel de Facebook

Berriak

Hau duzu egunerokoa partekatzeko espazioa

Eguberrietako apaingarriak sagarrekin

2016.12.13 / Azken berriak

Badatoz Eguberri egunak eta Petritegikook opor egun batzuk hartuko ditugu jaiegun horietaz familiarekin gozatzeko. Sagardotegia abenduaren 23an itxiko dugu, Gabon gau bezperan, baina urtarrilaren 7an, Errege Magoek opari guztiak uztean, berriz irekiko ditugu ateak, urte berriari ekiteko prest.

Dena den, Eguberrietan itxita ere, Petritegi sagardotegian dagoeneko badago Eguberri usaina. Upategia zuhaitz original honekin apaindu dugu; Zizurkilgo nekazari eskolako, hau da, Fraisoroko ikasleek egina da, Petritegirentzat, eta Donostiako Shops Eguberrietako erakusleiho lehiaketan parte hartuko du. Gure neurrira eginda dagoela ematen du, sagardoa baitu protagonista. Sagardo botilak inguruan eta sagar asko, edari fin hori egiteko lehengai funtsezkoa.

Eguberrietako arbola apaintzeko ohitura honetaz dihardugula, atzera 1.400 bat urte egin beharrean gara. Orduantxe, Eguberriko pinuak apaintzen hasi ziren, hain zuzen sagarrak erabilita, eta kandelak ere jartzen zituzten ondoan. Sagarrek tentaldia adierazten zuten, eta kandelek argia. Alemaniako ohitura hori laster hedatu zen mundu osora.

Baina denborarekin, sagarren eta kandelen ordez, Eguberrietako pilotak eta beste apaingarri eta figura batzuk erabiltzen hasi ziren (opariak, kanpaiak, izarrak, elur panpinak, oreinak...).

Sagarrekin apaintzeko ideiak

Ikusten duzuenez, Petritegin, aurten, ohitura zainduko dugu, eta sagarrak erabiliko ditugu apaingarri gisa festa hauetan. Eta zuk nola apaindu behar duzu Eguberrietako arbola?

Eguberrietako izeian sagarrak jarri nahi badituzu, erne ibili honako ideia hauekin, izan ere ez baitituzu sagarrak landatik hartzen diren bezala erabili beharrik. Utzi zure sormenari hegan egiten, eta bihurtu sagarrak egiazko apaingailuak.

Aukera asko dituzu: berniza eman diezaiekezu, edo esprai batez margotu; purpurina bota diezaiekezu, pinuaren hostoen artean gehiago nabarmentzeko; elur espraiak txantiloi baten gainean erabilita ere ondo gelditzen dira; eta, artistak bazarete, zizelkatu ere egin ditzakezue. Ideia horiekin guztiekin, seguru zure arbolak distira berezia aterako duela.

 

Bilatzailea

Zeren bila zabiltza?