Berriak

Hau duzu egunerokoa partekatzeko espazioa

Sei belaunaldi Petritegin

2016.07.04 / Azken berriak

Familia asko igaro ziren Petritegitik, XX. mende hasieran Otaño-Goikoetxeatarrek baserria hartu eta sagardogintzari eta sagardoa saltzeari ekin zioten arte;azkenean, belaunaldiz belaunaldi igaro da negozioa. Joaquin Goikoetxea, laugarren belaunaldikoa, urteetanizan da sagardotegiko arima eta bihotza, baina Petritegiren gidaritza dagoeneko bosgarren belaunaldiarena da, Ainara Otaño buruan, Joaquinen alaba bera, zeinak 2009an heldu baitzion negozioaren burutzari. Horretan laguntzeko, azken bi belaunaldietako kideak ditu taldean, berebat Joaquinen eta Juan Luis anaiaren aholkuak eta eskarmentua. Ainarak berak kontatu digu nolakoa den Petritegiko egunerokoa sei belaunaldi geroago.

 

  • Galdera: Oraintxe bertan hiru belaunaldi bizi dira Petritegin elkarrekin, eta badirudi familiako gazteenek badakartela afizioa.
  • Ainara Otaño: Bai, gaur egun Petritegin lanean ari diren familiako gazteenak Ioritz (23) eta Argoitz Otaño (19) dira, nire ilobak. Upa eta sagarrondo artean hazi dira, eta odolean daramate sagardorako zaletasuna; izan ere, gurasoak, aitona-amonak eta ni neu bizi guztia eman dugu sektore honetan, eta oso sagardogile familia ospetsua gara Astigarragan eta Gipuzkoan.

 

  • G: Negozio honetan familia osoa aritzen da gorputz eta arima, baina zeuk daramazu gidaritza.
  • A.O.: Bai, Jokin nire anaia gaixoa hil zenean, neronekhartu nuen proiektuaren segida; Jokinek urteak eman zituen aitarekin lanean, batez ere sagardotegia profesionalizatzen. Eta horixe izan da nire lana: Petritegi sagardoaren munduan Gipuzkoan erreferente izaten jarrai zezan lortzea. Horretarako,lanean jarraitu dut Petritegitegiren historia eta sagardo kultura zabaltzen; Eusko Label sagardoa eta sagar zukua ekoizten eta saltzen; Petritegiren merkatua atzerrira zabaltzen, batez ere AEBetara... Eta betiere tradizioa eta berritasuna bateratzen.

 

  • G: Emakume zaren aldetik, nola izan da batez ere gizonen mundua den horretan sartzearena? Zaila izan da?
  • A.O.: Kanpotik gizonena bakarrik dela ematen badu ere, sagardoaren sektorean beti izan du emakumeak zeregina, eta ez txikia, gainera. Ni ikusia naiz gizonak eta emakumeak berdin-berdin sagarra biltzen eta sagardoa egin eta botilatzen sagardotegian; entzunak ditut amona Josefaren istorioak, antzina sagardoa edalontzietan saltzen zuenekoa... Egia da sektore honetan beti izan direla gizonak jendaurrean agertu direnak, baina niri oso harrera ona egin didate sektoreko kideek. Gainera, justu azken urteetan, emakume gehiagok ere hartu dute beste sagardotegi batzuen gidaritza, eta horri esker errazago onartu da emakumea sagardoaren sektorean.

 

  • G: Nolako etorkizuna ikusten diozu Petritegiri? Izango al dira belaunaldi gehiago?
  • A.O.: Oraingoz, lehen esan bezala, hiru belaunaldi ari gara oraintxe Petritegin: guk geuk, bosgarren belaunaldikook, bizia sagardoari emana diogu, eta gurasoen eskarmentu ezin ordainduari eskerrak, seigarren belaunaldi gazte hori ari gara hezten etxeko konpromisoari eta lanari begira, Petritegi sagardotegiak familiaren izaera gal ez dezan eta sagardoaren munduan erreferentzia izaten jarrai dezan. Horretan gaude gaur egun Petritegin, eta espero dut luze gabe horrela izaten jarraituko duela.

Bilatzailea

Zeren bila zabiltza?