Berriak

Hau duzu egunerokoa partekatzeko espazioa

Euskal sagardo naturala nazioarteko merkatuan

2016.09.06 / Azken berriak

Petritegin asko bidaiatu dugu uda honetan; zehazki, AEBn zehar. Han, zenbait ekitaldi antolatu ditugu euskal sagardoa promozionatzeko. Horietako bat New Yorkeko Murray’s Cheese Bar jatetxean egin genuen, eta bestea, Washingtongo Anxo Sagardotegian. Bi-biak baliagarri izan zaizkigu saltzaileekin lan egiteko, baina batez ere gure produktua, sagardoa, ezagutarazteko; izan ere, merkatu horretan balio handia ematen diote sagardoaren tradizioari eta kulturari, baita euskal sagardoaren izaera natural eta benetakoari ere.

Gure sagardotegiko arduradun Ainara Otañok dioenez, euskal sagardo naturalak salmenta-aukera onak ditu nazioarteko merkatuan, batetik, sagardoaren kontsumoa gora doalako, eta bestetik, gure produktuaren ezaugarriak bereziak direlako. "Gure sagardoa desberdina da, eta atzerriko kontsumitzaileek gustuko dute; produktua bera eta haren kultura azaldu behar dizkiegula uste dugu", aipatu du.

Bidaia horretan, ekoizpenaren inguruko esperientziak trukatu nahi izan ditugu, eta hortaz, ekitaldiez bestalde, beste bisita interesgarri batzuk ere egin ditugu. AEBko sagardo-ekoizlerik handiena ezagutu dugu: Angry Orchard. Halaber, Brooklyn Cider House sagardotegian egon gara. Era berean, sagardoa erabiltzen duten zenbait euskal jatetxetan egon gara; esate baterako, New Yorkeko Txikito jatetxean.

Petritegin, aspaldi konturatu ginen euskal sagardo naturalaren kontsumoa areagotu egin dela atzerrian. Batik bat, Ameriketako Estatu Batuetan nabaritzen da, baina Europako merkatua ere handitzen ari da, eta salmentak Danimarkan eta Holandan areagotu dira gehien. Argi dago euskal sagardoa nazioarteko edaria dela jada!

Gure lankide Jon Torrek horri guztiari buruz jardun zuen Euskadi Irratiko Faktoria irratsaioan, Manu Etxezortu kazetariarekin. Hementxe dago entzungai elkarrizketa osoa.

Bilatzailea

Zeren bila zabiltza?