Pixel de Facebook

Berriak

Hau duzu egunerokoa partekatzeko espazioa

Petritegi eta Urtebi Haundi legamia

2020.01.24 / Azken berriak

Otaño familiak eta Petritegi sagardotegiko lantaldeak urte asko daramatza beren sagardoen hobekuntzarako ikerketa eta hobekuntza lanean eta horren fruitua da gurekin elkarbanatu nahi duten ondorengo aurkikuntza: Urtebi Haundi sagar motan legami  basatia bat aurkitzea. Hau ugaltzea lortu ondoren 2019 urteko uztaren Euskal Sagardoaren hartzidura prozesurako  erabili da.

 Legamiak eta Petritegiren aurkikuntza

Legamiak, eta zehaz mehatz saccharomyces cerevisiae-ak, sagarren azaletan aurkitzen dira bereziki eta ezinbestekoak dira muztioen hartzidura prozesuetarako. Legami hauek euren kabuz egin dezakete lan baina hauek isolatuz eta ugaldu ondoren erabiliz muztioen hartzidura hobeak lor daitezke  baita Euskal Sagardoaren ñabardura propioak indartzea ere. Gure sagarren legamiak erabiltzean, Petritegik ezagutza eta balioa eskeintzen ditu euskal sagardogintza sektorearentzat, etorkizun oparoagoa eskeiniz, Jatorrizko Deiturako sagardoei ñabardura berriak ekarri ahal izateko bertako legami berriak aurkitzeko aukera irekiz.

 

Petritegiko ekoizpen lantaldea sagardo-monobarietalen (sagar mota bakarrez ekoitzitakoak) inguruko ikerketan lanean ari da 2015 urteaz geroztik, bertako sagar barietate bakoitzak sagardoari eskeintzen dizkion ezaugarriak ezagutu nahian. Froga hauetako batean saccharomyces cerevisiae legamia-zepa bat isolatzea lortu zen, zehazki Urtebi-Haundi motarena. Ondoren, bere upategiko Euskal Sagardoa-ren muztioak hartzitzeko behar adina legamia ugaldu da emaitza paregabeak lortuz, izan ere, oso sagardo garbi eta lurrintsuak lortu dira.

 

 

Urtebi Haundi sagarra eta Petritegi Euskal Sagardoa 2019

Bertako sagar mota hau, bere tamaina (hortik bere izena), kolore berde-horiska eta mikaztasun nabarmenagatik  bereizten da. Oso sagar mota baloratua da sagardo ekoizpenerako paregabe gertatzen delako eta horregatik  mendez mende sagardogintzan oso erabilia izan da. Marcelino Soroa idazle donostiarraren 1886 urteko obra batean agertzen da honen aipamena, baita 1918ko el Álbum pomológico de Guipúzcoa lanean ere.

Petritegi produkzioko lantaldeko Ainara Otaño, Txetxu Mujika eta Argoitz Otañok 2019ko uztako Euskal Sagardoa aurkezten dute, %100 euskal sagar goiztiarrez ekoitzia eta Petritegi Urtebi Haundi legamiaz hartzitutakoa. Beren lurrinen espresibitate, freskotasun, oreka eta samurtasunagatik bereizten diren sagardoak dira. Sagardozaleen gozamena izango diren sagardoak.

Bilatzailea

Zeren bila zabiltza?