Pixel de Facebook

Berriak

Hau duzu egunerokoa partekatzeko espazioa

Sagar tartaren errezeta Eguberrietarako

2015.12.23 / Azken berriak

Badatoz Eguberriak, eta horrekin batera, ospakizun egunak eta familiarekin mahaiaren inguruan elkartzeko sasoia. Petritegikook gure lehengaiarekin egindako postrea prestatzea proposatzen dizugu: sagar tarta.

Mundu guztiak du gustuko postre tipiko hau, eta hemen erakutsiko dizuegu nola egiten dugun gure sagardotegian. Noizbait gure jatetxean dastatu baduzue eta gustuko izan baduzue, orain duzue aukera etxean egiteko!

Lau lagunentzako osagaiak

Bi Errezil sagar (erdi partekoak)
Hostore xafla bat
Azukrea
Abrikot edo muxika marmelada
Pastel krema

Pastel krema egiteko osagaiak:

Litro erdi esne
Hiru arrautza gorringo
45 g artirin     
Hiru goilarakada bete azukre
Limoi azal osoa

Nola egin pastel krema:

Jarri kazol batean hiru gorringoak eta azukrea. Nahasi pasta homogeneo bat egin arte eta gehitu esne litroaren hiru laurden, pixkanaka, nahastea ondo irabiatuz. Bota limoi azala eta jarri berotzen.

Nahasi artirina gelditzen den esneari, ez dadila pinportarik gelditu, eta, kazolakoak 90 bat gradu hartzean, gehitu egingo diogu, aldi berean nahasiz, irakiten hasi arte. Sua itzaliko dugu, eta limoi azala kendu. Egina da pastel krema

Nola egin tarta:

Krema botako dugun ontzia gurinarekin igurtziko dugu; gero, irina botako dugu, ez itsasteko, eta hostorea ipiniko diogu. Ondoren, pastel krema botako dugu.

Sagarrak zuritu eta fin-fin xerratuko ditugu, eta kremaren gainean jarriko ditugu, apain-apain, krema osorik estali arte.

Azkenik, azukrea botako diogu gainetik, eta gurin zatitxo batzuk han-hemenka.

Inportantea da labea aldez aurretik berotuta egotea, 175-180 gradura. Eduki gutxi gorabehera 40-50 minutu labean (erreparatu hostorea gorritzen ari ote den eta sagarra erretzen) tenperatura berean.

Hozten utziko dugu, eta marmeladarekin margotu.

Gozatu Petritegi sagar tartaz Eguberri hauetan!

Bilatzailea

Zeren bila zabiltza?