Pixel de Facebook

Berriak

Hau duzu egunerokoa partekatzeko espazioa

"Txotx!" egitearen esanahia

2016.02.10 / Azken berriak

Hasi da txotx sasoia, datozen hilabeteetan maiz entzungo dugun hitza. Txotxaren sasoiaz dihardugunean, sagardoaren edo sagardotegien sasoiaz dihardugu, baina zergatik erabiltzen dugu txotx hitza? Zer esan nahi du egiazki? Gaur, sagardoaren kulturan hain esanguratsua den hitz horren atzean zer dagoen azaldu nahi dizuegu.

Gaur egun, txotx esaten zaio, zeri eta upeleko edo barrikako txorrota irekitzeari sagardoa edalontzietan zerbitzatzeko. Horregatik, sagardotegi batean gaudenean menu tradizionala jaten, bazkaltiar guztiak zutitu egiten dira txotx! Oihua entzuten dutenean, horrek esan nahi baitu upategiaz arduratzen denak upeletako bat edo barriketako bat irekiko duela. Orduan, han direnek edalontzia hartzen dute eskuetan, eta, mahaia berehala utzita, hantxe joaten dira lerro-lerroan edalontziak txorrota azpian jartzera, bata bestearen atzetik, sagardo tantarik ere ez galtzeko. Horrela, lerroko azkenak hartu arte; orduan, sagardogileak upela itxiko du.



Hori da txotxaren egiazko usadioa, baina nondik dator hitz hori? Orain dela 100 urte baino gehiago, dagoeneko erabiltzen zen txotx hitza sagardoa zuzenean upatik zerbitzatzeari erreferentzia egiteko; antzina, zurezko edo latoizko txorrota erabiltzen zen, eta upelaren behealdean egoten zen. Sagardoa upel bakarretik zerbitzatzen zen, barrena hustu arte, eta gero beste upa bati jartzen zitzaion txorrota hori bera. Orduan, sagardoa edalontzika edo pitxerka kobratzen zen.

Baina, pixkanaka-pixkanaka, hedatu egin zen probaketa, hau da, sagardogileak erostunei bere sagardo diferenteetatik dastatzera emateko ekintza, gero edaria botiletan saltzeko. Dastaketa errazago egiteko, sagardogileak zulo bat egiten zuen upen erdialdera, guztietatik probatzen joateko. Zuloa bilgorrarekin estaltzen zen, eta, sagardoa dastatzeko berriz ireki behar bazen, metalezko ziri bat erabiltzen zen (ziria), bilgorra kendu eta sagardoa aterarazteko. Metodo horri txiria edo ziria esaten zaio.

Beranduago, ikusirik gero eta jende gehiago biltzen zela, zurezko txotx bat erabiltzen hasi zen zuloa ixteko (zipotza edo zotza), bilgorra erabiltzea baino erosoagoa baitzen. Makilatxo horri, gaur egun, txotxa esaten zaio, eta, gauza bistakoa, esanahi zaharragoa duen hitz hori hartu da geure sagardoaren kultura markatu duen gertaera bati erreferentzia egiteko: upategietara joatea sagardoa zuzenean upeletik dastatzeko.



Gaur egun, oso ohikoa da txotx hitza harridura markarekin idatzita ikustea, denak upelaren inguruan elkartzen gaituen oihu horri erreferentzia egiteko. Zinezko usadiotzat hartzen da, hain zuzen, hortxe sortzen baitira, upeletan, harreman sozialak; hor hitz egiten dugu gure mahaikideekin, baina baita gainerako bazkaltiarrekin ere. Dudarik gabe, txotx! egitearena bizitzan behin probatu beharreko bizipen horietako bat da. Animatzen al zara?

Bilatzailea

Zeren bila zabiltza?