Pixel de Facebook

Berriak

Hau duzu egunerokoa partekatzeko espazioa

Zer du sagardotegiko menu tradizional batek?

2016.02.23 / Azken berriak , esperientziak

Sagardotegi batera joaten zarenean, eta are gehiago txotx garaian, ohikoa da menu tradizional bat ateratzea; hau da, bakailao tortilla, bakailao frijitua piperrekin, txuleta, gazta irasagarrarekin eta intxaurrak. Petritegin, horretaz gainera, txorizoa ateratzen dugu sagardo erara, eta azken buruan, beste gozo bat ere ateratzen dugu: Tolosako teilak eta zigarrotxoak. Era berean, denen aho sabaietara egokitzeko, gure kartan beste iradokizun gastronomiko batzuk izaten ditugu, baina aipatu dizkizugun horiek dira sagardotegi bateko menu tipikoa osatzen duten platerak, eta plater horietako bakoitza xehero erakutsi nahi dizugu.

Txorizoa sagardo erara
Txorizoa txerriaren giharrarekin eta urdaiarekin egiten da. Petritegin, gustuko dugu txorizoa sagardo erara zerbitzatzea, gose-pizgarri gisa. Eguneko lehen txotxari laguntzeko erarik onena!

Bakailao tortilla
Plater honetaz ari garela, 40ko hamarkadara egin behar dugu atzera, gure amona Josefa Goikoetxeak baserrira sagardoa edatera etortzen zirenei bakailao tortilla ateratzen zieneko garaira. Tortilla egiteko, Josefak berak Petritegin hazitako oiloen arrautzak erabiltzen zituen. Haren seme Jose Joaquin Otañok ospea hartu du bere tortillen zukutsutasunagatik. Familiatik dator! Gaur egun, bakailao papurtua berdura zerbaitekin nahasita ematen dugu oraindik.

Bakailao frijitua
Bakailaoa oso barneratuta dago gure alderdiko gastronomian; horregatik aukeratzen da hura tortillaren ondotik jateko. Frijituta ateratzen dugu, piper berdearekin eta tipularekin lagunduta, baina badira zenbait urte bezeroei bakailaoa saltsan ere eskaintzen diegula —aldez aurretik eskatuta eta astegunez—. Euskal errezeta tradizionalean, bakailaoa kazolan prestatzen da, patatekin eta arrautza egosiekin lagunduta eta bixigarri puntu bat emanda.

Eta bakailaoa Sagardotegi osoko izarra izanik ere, Petritegin legatzaren buztana edo kokotea jateko aukera ere ematen dugu arranparrillan erreta eta oliotan frijitu baratxuriz eta pipermin kaienaz onduta. Plater goxoa da, aldez aurretik erreserbatzea gomendatzen duguna, izan ere egunean zati batzuk bakarrik izaten baititugu.

Txuleta
Behi haragia da gaur egun plater nagusia Gipuzkoako sagardotegietako menu tipikoetan. Txuleta du izena animaliaren saihetsaren gain-gainean egoten den haragiak, eta dagokion saihets zatiarekin batera mozten da. Ikatz arranparrillan erretzen da, eta oso gutxi egina zerbitzatzen, barrena ia gordina duela, erretilu batean puskatuta eta osagarririk batere gabe. Txuleta hutsa nahikoa baita platererako!

Postrea

  • Gazta irasagarrarekin: Gaur egun Petritegin ateratzen dugun gazta Gipuzkoako mendietako bazketan egon den ardi latxaren esne gordinez egina dago. Irasagar konfiturarekin laguntzen dugu, eta hala, oso kontraste atsegina gelditzen da gaztarekin.
  • Intxaurrak: Intxaurrak betidanik jan izan dira erruz Astigarragan; baserri ia-ia denek izaten zuten intxaurrondoren bat edo beste. Geure mahaian beti izaten da saski bete intxaur.
  • Teilak eta zigarrotxoak: Eta gure sagardotegiko menuari amaiera emateko, Gipuzkoako Tolosako postre tipiko bat, teila eta zigarrotxo ezagunak. Almendraz eta gurinez egindako gozoak. Gozo-gozoak!

Bilatzailea

Zeren bila zabiltza?