Berriak

Hau duzu egunerokoa partekatzeko espazioa

Sagar ozpinaren propietateak

2016.03.15 / Azken berriak

Zer lirateke entsaladak maneatu gabe! Olioa, gatza eta, jakina, ozpina. Gure gogokoena, sagar ozpina. Gainera, hozkailua asmatu zuten arte, ozpina beti erabili izan da kontserbatzaile natural gisa, marinatuak, eskabetxeak, ozpinkiak eta beste prestatzeko. Oso preziatua izan da sukaldean, baita hartatik kanpo ere; izan ere, sagar ozpinak propietate asko ditu osasunerako on direnak. Baina has gaitezen azaltzen zer den ozpina.

Ozpina osagai likido bat da, alkohola irakinda —ardoarena, sagardoarena edo beste zenbait edarirena— azido azetiko bihurtzen dena, ozpinaren ezaugarria bera. Petritegin, sagarraren ozpina egiten dugu, gatz mineral askoko ozpina; potasioa du nabarmen, eta horrek propietate diuretikoak ematen dizkio sagardo ozpinari. Ezaugarri hori eta beste zenbait ditu Sagarpe sagardo ozpinak, eta horregatik da hain ona eta mesedegarria osasunerako. Ezagutu ditzagun propietate horietako batzuk.

Digestiorako propietateak
Sagardo ozpinak gure organismoko entzimak ugaritzen eta bakteria kaltegarriak hondatzen ditu, eta, hala, urdaileko azidoak erregulatzen. Horregatik laguntzen du digestio geldoak hobetzen eta digestio sistemaren funtzionamendu egokia zaintzen. Era berean, hesteetako flora bizkorrago berritzen laguntzen du; hortaz, idorreria arazoak hobetzen ditu.

Pisua kontrolatzeko
Sagardo ozpinak zelulen gantz soberakina kentzen du; horregatik gomendatzen dute mehartzeko dietetan. Gainera, asetasuna eragiten du, eta horri esker, kopuru txikiagoak jaten dira.

Kolesterola gutxitzeko
Sagardo ozpinak odoleko kolesterola erregulatzen laguntzen du, azukreen metabolismoa erraztu egiten baitu.

Glukosa kontrolatzeko
Oso gomendagarria da diabetikoetan, egiaztatuta baitago ozpinak odoleko glukosa maila erregulatzen laguntzen duela. Antza denez, ozpinaren azido azetikoak mantsotu egiten du karbohidratoak glukosa bihurtzea.

Larruazala zaintzeko
Hala berean, sagardo ozpina asko erabiltzen da edertasun tratamenduetan, A bitamina asko duelako eta larruazala hidratatzen duelako. Ez hori bakarrik! Adinak eragiten dituen orbanak kentzen ere laguntzen du, aknea gutxitzen du eta, gainera, eltxoen ziztadak arintzen ditu.

Bilatzailea

Zeren bila zabiltza?