Berriak

Hau duzu egunerokoa partekatzeko espazioa

Sagar motak

2016.05.31 / Azken berriak

Izugarri gustatzen zaizkigu sagarrak! Sagardoan, tartan edo, besterik gabe, hozkaka. Baina zein sagar? Zaila da hainbeste sagar motaren artean bat aukeratzea. Bai, izanez ere sagar mota asko daude, gutxi gorabehera 5.000 eta 20.000 sagar mota artean. Batzuk gozoak, bestea gaziak, besteak mikatzak... baina denak ere sagarrak.

Sagardoa egiteko orduan, garrantzi handikoa da zein sagar motaren konbinazioa egiten den. Horren araberakoa izango da kolorea, usaina eta zaporea. Petritegin, 25 sagar mota erabiltzen ditugu sagardoa egiteko, bai Petritegi sagardo naturala eta bai Petri sagardoa egiteko; Petriri dagokionez, %100 bertako sagarrekin egiten dugu.

Sagar horietako asko geure sagastietan daude. Ez ahaztu gure familia beti aritu dela sagardotarako sagarrondoak lantzen, eta tradizio horri gaur egun arte eutsi diogu, sagarrak lantzeko sistema moderno eta ekologiko baten alde eginda.

Hona hemen sagar motarik ezagunenetako batzuk.

Goikoetxe

Goikoetxe da gure sagastietarako aukeratu dugun hamabi motetako bat. Goikoetxe motakoak ematen dituzten sagarrondoak ditugu, beraz. Sagar hori, gorrixka da; azala gogorra baina mehea du, eta zaporea azidoa, gazi ukitu batekin.

Moko

Urriko lehen hamabostaldian ontzen diren motetan dago sagar hori, eta sagar mikatzen kategoriakoa da; horregatik, ia ez da erabiltzen freskotan jateko. Hala ere, gazitasun eta mikaztasun horiexengatik da propietate bikainekoa sagardoa egiteko.

Kanpotik gorri-gorria da, eta mamia ez da oso zuria. Tamainari dagokionez, 55-70 milimetro bitarte da (78 bat gramo).

Txalaka

Sagar mota orekaturik baldin bada, hori Txalaka da, gazia bezain gozoa bera. Gazitasun hori dela eta, azido fenoliko gutxi du, eta, beraz, sagardoak kolore nahiko argia hartzen du, Goikoetxearenak ez bezala, Txalaka baino gazitasun gutxiagokoa izanik kolore ilunagoa hartzen baitu. Oro har, oso handiak eta kolore berdekoak dira. Bitxikeria gisa: diotenez, Astigarragako baserri batetik dator Txalaka izena.

Patzolua

Beste sagar berde bat Patzolua da, berde marroixka hain zuzen. Mota honek azido fenoliko asko du; horregatik, haren zukua iluna da, gazitasun gutxi baitu.

Gure sagardoaren ekoizpenean erabiltzen diren lau sagar mota aipatu ditugu, erakusgarri gisa, baina, esan bezala, askoz ere gehiago erabiltzen ditugu. Ezagut itzazu guztiak hemen.

Bilatzailea

Zeren bila zabiltza?