Berriak

Hau duzu egunerokoa partekatzeko espazioa

Petritegi Donostiako XXXI. Sagardo Egunean egon da

2016.09.05 / Azken berriak

Joan den larunbatean, irailaren 3an, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak berriz ere antolatu zuen Donostiako ohiko Sagardo Eguna Konstituzio plazan, eta aurtengoa 31. edizioa izan da! Urtero-urtero antolatzen dute, eta Petritegik ez du inoiz huts egin, hasieratik bertatik parte hartu baitugu.

Aurtengo edizioan, 37 sagardogile aritu gara sagardo-dastaketan; zehazki, 8.000 botila baino gehiago izan dira, zenbait gutizia gastronomiko eta guzti. Petritegiren postura inguratu zirenek bakailao-tortilla eta txorizoa sagardoarekin jan zuten.

Ohi bezala, giroa ezin hobea izan zen, eta primeran egin zuten bat sagardozaleek eta Konstituzio plazara joandako turistek eta ikusnahiek; ez dute tradizioaren berri, baina ederki erakartzen ditu eta berehala integratzen dira.

Goizeko 11etan hasi zen Sagardo Eguna, eta trikitilariek eta bertsolariek girotu zuten dastaketa. Halaber, Sagardo Egun bakoitzean omenaldia egiten zaio erretiro hartutako sagardogile bati, edo bestela, sagardoaren munduarekin lotuta dagoen pertsonaia edo erakunde bati. Aurten, Elhuyar Fundazioari egin zaio omenaldia, sagardoaren kultura eta historia zabaltzen jardun duelako Sagardo bidegile dokumentalaren bidez; Bego Zubiak egin ditu zuzendari-lanak.

Eguna amaitzeko, urtero bezala, sagardogileek Gaztelubide elkartean bazkaldu zuten.

Hurrengo sagardo-egunak
Donostiako Sagardo Egunaz bestalde, Petritegik beste batzuetan ere parte hartuko du. Irailean, Alkizan egongo gara hilaren 10ean, Sorabillan (Andoain) hilaren 11n, eta Iruran hilaren 25ean.

Eta urriari hasiera emateko, Oñatiko Sagardo Egunean egongo gara hilaren 1ean. Beraz, nabarmendu datak egutegian, eta sagardo-dastaketetan ikusiko dugu elkar.

 

Bilatzailea

Zeren bila zabiltza?