2016.12.15 /
Abenduaren 21arekin, Donostian eta Euskal Herriko beste zenbait tokitan, San Tomas egiten da, sagardoaren eta txistorraren buelta ospatzen den eguna. San Tomas eguneko feria ohitura handikoa izaten da; XIX. mende hasierara atzera egin beharra dago.
Denbora haietan, Donostiako eta inguruetako baserri gehienak familia aberatsenak izaten ziren, eta baserritarrei uzten zizkieten errentan. Horiek diruz ordaindu behar izaten zuten errenta, eta, askotan, baita bestelako sariz ere. Kapoia izaten zen ordaina maiz, eta, zenbaitetan, sagardoa eta sagarrak ere ematen ziren errentaren parte bat ordaintzeko.
Ordaintzeko garaia San Tomas eguna izaten zen. Baserritarrak hirira joaten ziren, baserrien jabeek gosaltzera gonbidatuta. Hirian zirela, baserritarrek beren produkturik onenak saltzeko aprobetxatzen zuten, baita zer behar zuten huraxe erosteko ere. Honela sortu zen Konstituzio Plazan egiten den feria hau. Aurrerapenekin eta gizarteko ohiturak aldatzearekin, feriak zentzua galdu zuen, baina Donostiara joateko ohitura gaur egunera arte gorde da, eta orain festa egun bat izaten da.
Betitik izan da ohitura txistorra jatea, zerriak baserri guztietan hil berriak izaki (gogoratu azaroaren 11n San Martin eguna izaten dela), eta mokaduari lagun egiteko sagardo erabiltzen zen, hura ere tolare-baserri guztietan egin berria. Hasiera batean, ogiarekin jaten zen txistorra, baina gero, taloaren kontsumoa hasi zen, arto irinarekin egiten den ogi mota, eta gaur egun, santomasetako hirukorik ohikoena izaten da: taloa, txistorra eta sagardoa.
Giroa paregabea izaten da abenduaren 21ean: Donostia postuz betetzen da, eta haietan txistorra eta beste pintxo batzuk dastatzeko modua izaten da, sagardo goxoz eta freskoz lagunduta. Postu horietako batzuetan, Petritegi sagardoa zerbitzatzen dute, hala nola Martuteneko Jai Batzordearenean. Donostiako taberna askok ere bat egiten dute jaialdi honekin.
San Tomas egunez, elkar ikusi baietz!