Pixel de Facebook

Berriak

Hau duzu egunerokoa partekatzeko espazioa

Petritegiko historia II

2021.01.07 / Azken berriak

Aurrekoan kontatu genuen bezala, Petritegi dolare baserria 1526. urtea baino lehen sortu zen. Urte batzuk geroago, eta beste ondasun batzuekin batera, Petri de Igueldok sortutako baserria bere ilobaren Pedro de Arbizu “zaharra” eta haren seme Pedro de Arbizu “gaztearen” jabetza bihurtu zen. Azken honek sortu zuen Petritegi edo Arbizuko Maiorazkoa 1622. urtea baino lehen, eta haren jabetza guztiak lotu zituen, ondasunak jaraunsle bakar bateri pasa zitezen, normalean seme zaharrenari, baina ezin ziren saldu ez banatu etorkizuneko oinordekoen artean. Maiorazkoaren jaraunslearengandik kudeaketa ona eta hari atxikitako ondasunak gehitzea espero zen.

Historian zehar Petritegiko maiorazkoari lotuta egon den ondarea, 1622tik 1840ra, honako hau izan zen:

  • Petritegi dolare baserria, bere “mendi basatiak”, gaztainondoak, sagastiak eta sagardo-upelekin batera.
  • Etxe bat Donostiako Puyuelo kalean -gaur egun Fermin Calbeton kalea- “bere sagardoa ontziratzeko upelekin”.
  • Baratza bat Donostian, Urgulleko gazteluaren “la mota” inguruan.
  • Murguierrota errota eta bere sagastia,1532tik. Errota duela urte batzuk bota zuten eta bertan Astigarragako anbulatorioa eraiki zen.
  • Auspero eta Aiotzategi lur-sailak, Urumea ibaiaren “erriberetan”, 1532tik. Historian zehar, Auspero lurraldean, Ergobiako pasabidearen ondoan, sagastiak, etxe bat eta portu bat - “Arbizu portu” - izan dira maiorazkoaren jabetzakoak.
  • Galtzaur mendiaren zortziren bat, Astigarragan, 1534tik.
  • Taula baserria, XVII. mendetik aurrera, bere lurrak eta sagastiarekin batera.
  • Sagastiak, Astigarragan: Garagarradi, Larrandita, Aristiluzea, Gaztañaga, Eguieder, Bidegurutze eta Arbizu, XVII. mendetik; eta Sorginiturri, XVIII. mendetik.
  • Lur-sailak, Astigarragan: Aldapazearra, Herrecaldesoro, Gastañagaspi, Mendicho, XVII. mendetik; eta Urandikoerreka, Mandazuri, Lamberri, Aunibar eta Erracachingurri, XIX. mendetik.

1687. urteko agiria (Gipuzkoako Artxibo Orokorra, CO ECI 1841).

Ondasun guztiak beste jendeari errentan ematen zitzaizkien, diruzko eta jenerezko errenten truke. Sagastiak, adibidez, “irabaziaren erdiz” alokatzen ziren: hau da, sagar-uztaren erdia errentariarentzat izango zen, eta beste erdia jabearentzat. Batzutan, kontratuan bertan, uzta “sagardotan onuratzea” eta upategira eramatea eskatzen zen, bai Petritegiko upategira edo Donostiako etxeko upategira.

Petritegi edo Arbizuko maiorazkoaren azken jabea Benito Echagüe Arbizu izan zen. Hil zenean, ondasunak bere hiru ahizpek banatu zituzten: Carlota, Casilda eta Maria Antonia. Carlotak Petritegi baserria jaso zuen beste sail batzuekin batera, baina maiorazkoa betirako desagertu egin zen. Garai berriak iritsi ziren Petritegira...

Petritegi baserria eta sagardotegia, 1982. Argazkia: Astigar Elkartea.

Bilatzailea

Zeren bila zabiltza?