Sagardoa egiteko, sagardotarako ehunka sagar mota ere erabil daitezke. Sagar gaziak, gozoak eta mikatzak behar bezala konbinatuta, oreka lortuko dugu gure sagardoaren zaporean. Gure upategian egindako nahaste hautuek ñabardurak izango dituzte kolorean, usainean eta zaporean.
Lehengaia, sagarra, oso inportantea da prozesu osoan, eta sagar moten, klimatologiaren eta biltzeko momentuaren araberakoa aterako da sagardoa. Petritegin, 25 bat sagar mota erabiltzen ditugu; horietako asko geure uztakoak. Gure familia beti aritu da sagardotarako sagarrondoak landatzen. Gaur egun, landaketa sistema moderno eta ekonologiko baten alde ari gara.
Esan dezakegu sagar gazi-mikatza dela; nahiko sagar orekatua da, oro har, sagardotarako. Hala ere, mikatz puntu bat du, pobrea da azido fenolikoetan, eta kolore gutxiko sagardoa aterako zaigu. Sagarrondo mota honek fruta berde-gorrixka handiak ematen ditu, eta bi urtetik behin emateko joera du; hau da, urte batean uzta ona bada eta sagar asko ematen badu, hurrengoan, gutxiago emango du (non eta ez dugun bakantzen loretan denean edo sagarrek tamaina jakin bat hartzen dutenean). Sagar hau sagardotarako ona bada ere, azken urteetan gutxitu egin da mota honen landaketa; izan ere, su gorrinak gogor atakatzen du.
Errege sagarra gazia da; mikatz puntu bat du, eta azukre asko. Oso estimatua da sagardotarako bezala mahairako eta sukalderako; izena Gipuzkoako herritik hartua du, baina Errezilen bertan Ibarbi esaten diote, udalerria dagoen haranak eta herriko baserri batek horrela baitute izena. Azukre asko duenez, Errezil sagarrarekin irakite zaileko sagardoak lortzen dira, alkohol gradu handikoak. Bi urtetik behin ematen ditu fruituak. Sagarrondo gogorra da; horregatik komeni da gutxi inaustea eta adarrak okertzea, fruta asko eman dezan.
Sagar gazia da; probatu besterik ez dago horretaz ohartzeko. Kolore berdea du, eta erdi parteko tamaina. Hain gazia denez, kolore asko ematen dio sagardoari; horrek erakusten du azido fenoliko asko duela. Sagar egokia da beste sagar mota batzuekin nahasteko. Ez du ugari ematen, baina maina pixka bat egiten bazaio, urtero emango du. Nolanahi den, kontuz ibili behar da txankroarekin eta herdoilarekin, gogor erasotzen baitiote.
Goikoetxea sagar orekatua da; izan ere, gazitasuna eta mikaztasuna batzen ditu, eta, sagar gehienek bezala, azukre franko du. Oreka hori dela eta, oso egokitzat jotzen da sagardotarako. Mikaztasun horretan, azido fenoliko asko dago; eta, gazi puntu bat izanda ere, kolore askoko sagardoa ematen du. Oso emankorra da, eta ugari ematen du bi urtez behin. Komeni da sagarrondoak bakantzea loretan direnean edo fruitua oraindik txikia denean, fruitu onak urtero eman ditzan. Goikoetxearen etsairik kaltegarrienak zorri lanigeroa eta herdoila dira.
Oso orekatua da, eta oso ona sagardotarako. Jateko ere bikaina da. Mikatz puntu bat du, gazi puntu bat eta azukrea, baina neurrian. Kolore berde-gorrixka du, eta nahiko handia da. Ez du ugari-ugari ematen, baina urtero eman ohi du. Gogorra da gaitz gehienentzat, eta armiarma gorritik dago batez ere babestu beharra.
Oso sagar gazia eta mikatza da; ez dago Moko sagarra ahoan sartu eta muturra okertuko ez duenik. Jateko zaila izanik ere, prestigio handia du sagardotarako; izan ere, zuzentzeko balio du, zapore gazi-mikatz handi horrengatik. Sagar gorria da, erdi parteko tamainakoa. Nahiko ugari ematen du, eta, behar bezala zainduz gero, urtero emango du fruta. Adar zuzenak emateko joera du, eta adarrak zabaldu eta okertu ahala ugarituko da fruitua. Herdoilak jotzen du gehiena.
Mozolua sagar mikatza da, ez oso gazia. Berdexka da, eta erdi parteko tamaina du. Azido fenoliko askokoa da; horregatik, kolore askoko sagardoa ematen du. Uzta handikoa izanagatik, bi urtetik behin ematen du; gainera, komeni da urtero bakantzea, fruta urtez-urtez izateko. Herdoilak jotzen du gehien, eta kontuz ibili behar da toki hotzetan eta hezeetan.
Sagardo mikatza da, gazitasun gutxikoa. Berde-marroixka da, erdi tamainakoa eta azido fenoliko askokoa; horregatik kolore zertxobait izaten du honen sagardoak. Asko ematen du, baina bi urtetik behin; komeni da sagarrondoak bakantzea sagarrak pipitatan direnean, urtero bildu nahi bada. Zuhaitz gogorra da, baina horretan, zerikusi handiagoa du txertoak. Mota horren gaixotasunei eta izurriteei dagokienez, nabarmentzekoa da zorri lanigeroa, eta, neurri txikiagoan, armiarma gorria eta herdoila.
Osagai aldetik, oso egokia da sagardoa egiteko, oreka handikoa baita. Oso gazia da, baina badu mikatz eta gozo puntua. Gazia denez gero, azido fenoliko gutxi du, eta kolore argikoa aterako da honen sagardoa. Sagar berdea da, eta oso handia. Ez du fruta asko ematen, baina bai urtero. Gaitzak ez du erraz jotzen; hostoetako herdoilak jotzen du, gehienbat. Gaitzak ez du erraz jotzen; armiarma gorria da gaiztoena. Goiz ontzen da. Diotenez, Astigarragako baserri batetik dator Txalaka izena.
Sagardotarako egokia da, franko fruitu orekatua baita. Oso gazia da, eta franko mikatza. Arazo bat du, kosta egiten baitzaio heltzea, eta, gainera, ez da dena batera heltzen; hau da, fruitua irailean ondu daiteke edo azaroan. Tamaina handia du, baina ez du ugari-ugari ematen; bi urtetik behin ematen du. Ez du erraz gaitzak jotzen. Kolore marroixka du.
Urdin sagarra Manttoniren gisakoa da; zapore gazi-mikatzak ditu. Azido folikotik, erdi partekoa da; horrenbestez, kolore pixka bat emango dio sagardoari. Fruitua nahiko txikia da, berde-gorrixka, eta ez du ugari ematen. Hala ere, zenbait ikerketaren arabera, urtero emateko joera du. Sagarrondoa gogorra da, eta gehienbat herdoilak eta txankroak jotzen dute.
Sagar gazia da, eta ez da batere mikatza; horregatik, kolore argiko sagardoa ematen du. Fruitua berdexka da, eta handi-handia. Urtero emateko joera du. Sagarrondoak asko handitzen dira, baina txertoaren araberakoa ere bada hori. Fruta mota honen gaixotasun ohikoenak zorri lanigeroa eta armiarma gorria dira.
Urtebi Txikia nahiko sagar orekatua da, aldi berean baita gazia eta mikatza. Hala ere, azido foliko gutxi duenez, sagar honetatik aterako den sagardoa kolore argixka izango du. Fruitua berdexka da, eta txikia. Bi urtetik behin eman ohi du. Urtebi Handia ez bezala, Urtebi Txikiaren arbola nahiko txikia da, baina, lehen esan bezala, txertoak du hor zerikusia. Fruituaren herdoila da makurrena mota honetan.
Sagar gazia da, mikaztasun gutxikoa, eta, beraz, kolore argiko sagardoa aterako zaigu. Zuhaitzak urtero ematen du, eta gogorra da gaitz gehienetarako. Azken urteetan, gutxi landatzen da mota hau; izan ere, su gorrinak gogor jotzen du; edonola ere, sagar ona da sagardoa egiteko.