Pixel de Facebook

Berriak

Hau duzu egunerokoa partekatzeko espazioa

Sagardogile eslovakiar batek Petritegin ikasten dihardu

2016.03.01 / Azken berriak , esperientziak

Petritegin, hilabete baino gehiago daramagu Gabriel Oprendekekin bizitzen; eslovakiarra da, eta Astigarragara etorri da, sagardogintzaz ahal den gehiena ikastera. Beste bi hilabete egongo da gurekin, eta hori nahikoa da batek bestearekin ikas dezagun eta elkarri kontuak erakuts diezazkiogun sagardogintzaren inguruan bezala berdin marketinaren, brandingaren eta merkaturatzearen inguruan.

Eslovakiako gazte ekintzaile hau interesatu egin zen sagardoaren munduaz, eta, ikusita haren herrialdean ez zeukatela sagardogilerik ez inportatzailerik, Eslovakiako lehen sagardotegia eratu zuten berak eta anaiak.

Ez zuten eskarmenturik sektore honetan, eta bakarrik ikasi behar izan zituzten sagardoaren ekoizpenaren eta merkaturatzearen gaineko kontuak. Proiekturako nahiko indar eta diru bildu zutenean, berriz, Opre sortu zuten; hala, urte eta erdi baino ez badu ere, salmenta handitzen ari zaie hilez hil.

Gabriel Oprendek urtarrilaren 15ean etorri zen Petritegira, eta, hilabete pasa egin duen honetan, oso pozik dago. Harentzat, harrigarriena hemengo sagardoa egiteko modua da, eta, bereziki, edari preziatu honen ekoizpenaren atzean dagoen historia eta kultura.

Petritegirentzat, sagardogintzan ia 500 urteko historia izanik, Gabrielen egonaldia aukera berdingabea da elkarri geure eskarmentua eta kultura erakusteko. Azken batean, batek besteari ikasita, ikuspegi fresko eta diferente bat izango dugu sagardoaren ekoizpenaz, marketinaz eta merkaturatzeaz.

Petritegi esperientziak trukatzeko programa batean ari da, Europako Batzordeak 2015 eta 2016 urteetarako sustatua, eta horregatik ari da Gabriel egonaldian egiten Astigarragan. Programaren helburua hauxe da: eskarmentu gutxiena duten ekintzaileek negozioan urte gehiago daramatenengandik ikastea eta, aldi berean, eskarmentu handiena dutenek enpresen mundura iritsi berri direnen jakintza berriei eta ikuspegi freskoari etekina ateratzea.

Alde horretatik, Gabrielek uste du oso ideia onak ekar diezazkigukeela; izan ere, marketina da haren espezialitatea, baina ziur da era berean asko ikasiko duela gure sagardotegitik. Dioenez, "Petritegi sagardogintzan tradizio luzea duen famili sagardotegia da. Eta horixe bera sortu nahi nuke nik anaiarekin batean". Eta guk horretan lagunduko diogu!

Bilatzailea

Zeren bila zabiltza?