Pixel de Facebook

Berriak

Hau duzu egunerokoa partekatzeko espazioa

Sagarrarekin egindako postreak

2016.03.08 / Azken berriak



Sagarra goxoa da bere horretan, arbolatik datorren bezala. Gainera, hainbeste sagar mota dago, ia ezinezkoa da haiekin aspertzea, bakoitzak bere ezaugarriak baititu. Nolanahi den, ez dago hozkaka bakarrik jan beharrik, postreak egiteko ere osagai ezin hobea baita. Gure gogokoenak sagar errea eta sagar tarta dira, Petritegiren estiloan eginak. Baina opilgintzak ematen ditu beste hainbat aukera ere. Hona ekarri ditugu zenbait ideia sagarrarekin plater goxoak prestatzeko.

Sagar errea:
Postre erraza da, bai, baina baditu bere sekretuak. Petritegin, Errezil sagarra erabiltzen dugu hartarako, oso trinkoa baita; gainera, gazi antzekoa da. Horregatik, berezia da honelako postreetarako. Baina, ez baduzu Errezil sagarrik, ez kezkatu. Golden aldaerak ere balio dezake, zapore neutroa duelako eta nahiko ehundura gogorra, erretzeko modukoa, behintzat. Dena den, ez dizugu gomendatzen sagar klase gozoak erabiltzea, segituan desegiten baitira labean.

Lehenbiziko, ondo garbitu, eta kendu goiko aldea, zuztarra hasten den tokia, zulogune txikitxo bat utzita. Sagar guztiak labeko erretiluan jarriko ditugu, eta banan-banan azukre koilaratxo bat jarriko diegu; gero, ura sagar ozpinarekin nahasi, eta ur horrekin hezetuko ditugu; erabili limoia sagar ozpinik ez bada. Labea lehenagotik berotu behar da 190-200° gradura, eta gero, 25-30 minutu utziko ditugu erretzen, sagarrak zenbatekoak diren.

Bukatzean, zuzenean zerbitzatu dezakezu edo epeldu arte egon, eta probatu karamelu likidoarekin edo ziroparekin apaintzera.

Sagar tarta:
Sagar tartak egiteko modu asko daude, eta postre gozo honi askotariko ehundurak eman ahal zaizkio. Harroak egin daitezke, bizkotxoen gisara, edo trinkoak, ore hautsiaren gainean eginak. Batzuek sagarra gainetik izaten dute, eta beste batzuek betegarri gisa.

Petritegin, geure erara egiten dugu sagar tarta; horretarako, hostorea eta pastel krema erabiltzen ditugu. Postre hau, sagar erreak bezala, urrian eta azaroan zerbitzatzen dugu, sagarra biltzeko sasoian. Sasoiko platerak dira, geure sagarrondoetako frutarekin prestatzen ditugunak.

Sagar beteak:
Sagar beteak ere egin ditzakegu. Zerenak? Gogoratzen zaigun edozerenak. Adibidez, edozein gazta motarenak: maskarpone, ahuntz gazta, gazta urdina, gazta biguna... Krema eta gaina ere asko erabiltzen dira sagarrak betetzeko. Gozozaleentzat, txokolatea eta, kaloria gutxiagoko zeozer nahi dutenentzat, beste fruitu batzuk.

Sagar egosia:
Sagar egosia da sagarra prestatzeko dagoen erarik osasungarrienetako bat. Erraz digeritzen da, eta oso egokia da haurrentzat zein helduentzat; gainera, oso erraz prestatzen da. Ur pixka bat irakin behar da, eta sagar zatiak bota, besterik ez. Utzi egosten su txikian, fruitua bigundu arte, eta kito! Kanela, banilla, azukrea eta beste ere gehitu daiteke, norberak nahi duen bezala. Errezeta hau egokia da edozein sasoitan jateko. Neguan, epela jan daiteke eta udan fresko antza. Nahasi daiteke fruitu mota bat baino gehiago ere: sagar eta udare egosia, sagar eta aran egosia, banana eta sagarra...

Beste tarta batzuk:
Ez dago zertan sagarra jarri tarta baten osagai berezi gisa. Osagarri soila ere izan daiteke. Probatu sagar pixka bat jartzen gazta tarta batean edo txokolate tarta batean. Konbinazioak milaka egin daitezke!

Bilatzailea

Zeren bila zabiltza?