Berriak

Hau duzu egunerokoa partekatzeko espazioa

Txalaparta, sagardoari lotuta dagoen musika tresna

2016.04.06 / Azken berriak

Txalaparta berezko elementua da euskal kulturan; denboran luzean iraun duen musika tradizioa da, eta gaur egun oraindik bizirik dago. Ezagutzen ez baduzue, txalaparta perkusiozko musika tresna da, eta, hura jotzeko, bi lagun behar dute. Musikari horiei txalapartariak esaten zaie, eta zera egiten dute, bi makilarekin bertikalki jo zenbait ohol, zaldiaren trostaren gisako erritmo berezi bat gordez. Txalapartariak elkarren ondoan jar daitezke, edo buruz buru.

Txalapartaren soinua zoragarria da guretzat, eta, gainera, oso loturik dago txotxaren kulturara ; izan ere, haren jatorriak zerikusia du euskal sagardoaren ekoizpenarekin. Tolareko lanak bukatzen zirenean —sagarrari muztioa atera eta sagardo bihurtzeko irakiten uzten zenean—, ohitura zen baserrietan sagarra txikitzeko edo xehatzeko erabiltzen ziren mazoekin doinu bat jotzea. Horrela, auzokideei abisatzen zitzaien laster izango zela sagardo berria dastatzeko moduan.

Urumeako ibaiaren arroan gertatzen zen, batez ere, gauza hori: Lasarten, Usurbilen, Hernanin, Urnietan, Astigarragan, Andoainen eta abarretan.

Gero, bat-bateko tresna bitxi hori hedatzen joan zen, eta baserriko edozein ospakizunetan erabiltzen hasi ziren. Adibidez, ezkontzetan, hala bezperan nola loturako egunean. Esan dezakegu txalaparta entzuten zen lekuan festa izaten zela; izan ere, jendea entretenitzeko erabiltzen zen, jai musika gisa bat-bateko erritmo jokoak egiteko.

Txalapartaren ondoan, batzuetan beste elementu batzuk erabiltzen ziren. Lasarten, esaterako, adarra jotzen zen txalaparta saio baten aurretxoan. Eta Nafarroako zenbait alderditan, kantu batekin laguntzen zuten. Kolpe bakoitzari silaba bat zegokion.

Hemen duzue bideo bat, Urumeako azken txalapartarietako bati egindako elkarrizketa dakarrena. Ramon Goikoetxea ageri da, Donostiako Erbitegi Etxeberri baserrikoa, Astigarragatik oso hurbil. Espero dugu irudiekin gozatuko zaretela eta bereziki txalapartaren soinuarekin.

Bilatzailea

Zeren bila zabiltza?