Berriak

Hau duzu egunerokoa partekatzeko espazioa

Sagardoaren propietateak

2016.05.16 / Azken berriak

Sagardoa edari natural bat da, sagar zukua irakinda egiten dena. Oso graduazio txikia du —%3 eta 8 artean—, eta, hortaz, edari alkoholdun osasungarrienetako bat da.

Esan bezala, sagarra du osagai nagusia. Fruta hori oso ona da organismorako: odoleko kolesterol eta glukosa mailak gutxitzen ditu, eta ona da memoriarako; gainera, lagundu egiten dio digestio aparatuari eta mesedegarria da loezinari aurre egiteko. Horra sagarraren propietateetako batzuk; horietako asko gordetzen ditu sagardoak ere. Ikus dezagun zein.

Antioxidante asko du

Sagarrak zer edo zer nabarmentzekorik badu, antioxidanteak ditu nabarmendu, eta sagardoak ere asko du horretatik. Beraz, sagardoa edateak lagundu egiten du erradikal askeen aurka borrokatzen, erradikal horiek zelula zahartzen baitute. Hain zuzen ere, antioxidatzaile horiengatik da ona sagardoa gure bihotz-birikak zaintzeko, odoleko kolesterola gutxitzen laguntzen duelako.

Arazgarria

Garagardoa bezala, sagardoa da edari alkoholdunetan diuretikoenetakoa. Giltzurrunak aktibatzen ditu, eta, hala, ez da azido urikorik pilatzen; bestalde, zisteina asko duenez, oso ona da gibela desintoxikatzeko.

Digestio lagungarria

Digestio aparatuarekin zerikusia duten oinazeetarako, sagarra da, oro har, gomendatzen duten fruitua, hesteetako florari lagundu egiten diolako.

Kaloria gutxikoa

Kaloria gutxiko edaria da sagardoa. Baso bete sagardotan, 40 eta 80 kaloria artean izan daiteke, alkohol gradua zein den. Petritegi sagardoaren kasuan, %6ko graduazioa izaten du, eta 50 kcal izaten ditu 100 ml-ko. Hau da, baso bete Petritegi sagardotan, 75 kcal daude; kopa bat ardotan, berriz, 90.

Ikusten duzuenez, onura asko ditu sagarrak, hala fruitu gisa nola edari gisa. Baina sekretua, gauza guztietan bezala, orekan dago. Haren propietateen onurak hartuko ditugu neurrian kontsumitzen badugu.

Bilatzailea

Zeren bila zabiltza?