Berriak

Hau duzu egunerokoa partekatzeko espazioa

Petritegin ere Astigarragako jaiak ospatuko ditugu

2016.07.18 / Azken berriak

Aurten ere Astigarragako jaiak ospatuko ditugu, Santiago apostoluaren ohoretan! Gogoratu gure herria Santiago bidean dagoela eta haren izenpeko ermita bat dagoela Santiagomendi mendian; horregatik bizi ditugu jaiegun hauek hain gogo handiz.

Aurten, jaiak uztailaren 22an hasiko dira (ostirala)eta uztailaren 26an bukatuko (asteartea). Beraz, bost egun izango ditugu herritar guztientzat aproposa den askotariko eskaintzarekin ongi pasatzeko.

  • Txikientzat: txupinazoa, jolasak, tailerrak, paintball, antzezlanak, apar-festa, txirrindularitza-lasterketa, dantzaldia, etab.
  • Gazteentzat: kirol-txapelketak, sokamuturra, kontzertuak, jolas tradizionalak, etab.
  • Helduentzat: herriko bazkariak eta dastatzeak, toka-jokoa, kontzertuak, etab.

Gainera, astigartarrek oso gustuko dituzten zenbait ekitaldi tradizional ere egiten dira jaietan: txistularien dianak, erraldoien eta buruhandien konpartsak, euskal dantza, meza nagusia Santiago egunean, pilota-partidak, herri-kiroletako lehiaketak, etab.

Petritegin, jaiegun nagusia eta gure egutegiko egun garrantzitsuenetako bat uztailaren 26a da, Santa Ana eguna. Egun horretan, baserria, baserritarra eta sagardoa omentzen dira. Izan ere, 1976az geroztik, Sagardo Eguna egiten da, gure edari maitea goresteko jaia eta herriko sagardozaleen, inguruko herrietako jendearen eta bisitarien topagunea.

Eguna hasteko, Zubietako joaldunak eta Astigarragako trikitilariak arituko dira. Gero, 10:30ean, pilota-partidak hasiko dira. Gainera, aurten ikusmin handia dago, bi pilotari profesionalek hartuko baitute parte: oso ezaguna den Titin II.ak, herriko Jokin Sanchezekin lehiatuko denak (zorte ona opa diogu Jokini, sagardotegiko lankide baitugu); eta Aritz Beginok, Harri Loidi astigartarrarekin jardungo duenak.

11:30ean, pilotalekutik atera eta Foru plazara joango gara, bertan dastatuko baitugu sagardoa. Petritegin ezin genuen huts egin Astigarragan hain egun garrantzitsua izanik; hortaz, gure postura etortzera animatzen zaituztegu, eramango ditugun sagardoak dastatzeko. Ziur denok ondo pasatuko dugula egun berezi horretan.

Ordu eta plaza berberetan, idi-proba tradizionalak egingo dira. Aurten, dena den, berritasun bat dakarkigu Albaolak, XVI. mendeko baleontzi Nao San Juanen zati baten erreplika egingo baitu. Jakina, egun horretan bertsolariak, herri-bazkaria eta herri-kiroletako jokoak ere egongo dira. Azkenik, egun berezia amaitzeko eta jaiei hurrengo urtera arte agur esateko, dantzaldia eta kalejira piroteknikoa egingo dira.

Oraindik Astigarraga ezagutzen ez baduzu, aukera ezin hobea da etortzeko eta herrian turismoa egiteko. Zuen zain gaude!

Bilatzailea

Zeren bila zabiltza?