2016.09.22 / Azken berriak
Donostia izarrez bete da egun hauetan, Zinemaldia dela eta, Nazioarteko 64. Zine Jaialdia. Urtero, zuzendariak, aktoreak, ekoizleak eta Espainiako eta nazioarteko zinemaren munduko gainerako profesionalak Donostiara joaten dira, eta egonaldia aprobetxatzen dute hiria eta inguruak ezagutzeko; esate baterako, Astigarraga.
Hori dela medio, izar horietako batzuk izan ditugu Astigarragan, sagardoaren kulturak erakarrita. Bisita horietan, bidez batez, pasadizoren bat edo beste izan da.
1993. urtekoa da atsegin handiz gogoratzen dugun bat. 41. Zinemaldia zen, eta Julio Medemek La ardilla roja filma aurkeztu zuen, Behiak filmaren ondotik bigarren film luzea. Euskal zuzendaria, aktore protagonista —Emma Suarez— eta filma bera sari nagusien kinielan sartzen ziren.
Filmaren lantaldeko kide batek ezagutzen zituen Astigarragako sagardotegiak, eta ideia bikaina izan zuen, Petritegin afaria antolatzea bururatu baitzitzaion. Filmean parte hartu zutenen artean, Emma Suarez madrildarra zegoen. Sagardotegiko ohiko bezeroen eta bezero berrien medioz, gau hark magikotik eta glamour-etik zerbait izan zuen, eta nabarmentzekoa izan zen La ardilla roja-ko protagonistaren amultsutasuna eta edertasuna.
Upategian, Joaquin Otaño eta haren seme Jokin zeuden, orduan 23 urte zituena. Baten batek galdetu zuen ea zer esan nahi zuten gure upetako karteletan zetozen izenak. "Euskal Herriko ibaien izenak dira", esan zuen Joaquinek. Jokinek, berriz, aprobetxatu zuen han zirenei azaltzeko horrelako izenak jartzen zitzaizkiela sagardo upelei, antzinako usadio gisa, gaur egun ia sagardotegi guztietan gordetzen dena.
Upategian oso giro ona zegoen, eta beste sagardozale batek zera proposatu zien Joaquini eta Jokini, Emma Suarezen izena jartzea upel haietako bati baldin eta Donostiako Zinemaldian saritzen bazuten. Algara artean, aita-semeek onartu zuten proposamena, eta hitza hartu.
Azkenean, filmak ez zuen izan esperotako aitorpenik, eta esku hutsik joan ziren Zinemalditik. Aktoreak ere, hortaz, ez zuen lortu Zilarrezko Maskor preziatua protagonistaren rolagatik, eta horregatik ez dugu sagardotegian haren izena duen upelik. Baina ez ahaztu gure Petritegi upeletako batek Emma Suarezen izena hartu ahal izan zuela.