2016.10.03 / Azken berriak
Orain hasten gara, uda bukaeran eta udazken hasieran, sagarraren kanpainan pentsatzen, eta pixkanaka-pixkanaka sagarrak biltzen hasiko gara, gero gure sagardoa egiteko. Baina, bildu aurretik, egiaztatu behar da sagarrak ondu-onduak daudela, eta aurten atzeratuta dator.
2016 honetan, berandu loratu ziren arbolak eta uda oso beroa eta lehorra joan da; horren ondorioz, aurreko urtearen aldean, ohikoa baino beranduago ari da ontzen sagardotarako sagarra. Zenbait aldaera irailean ontzen hasten badira, urri aldera onduko dira aurten.
Hala berean, ohikoa denez, sagar aldaera batzuk lehenago ontzen dira beste batzuk baino.Alde horretatik, lehenak Goikoetxe, Mozolua, Patzolua, Gezamina eta Aritza dira, eta azkenak Errezila, Udare Marroia, Mokoa, Urtebi Haundia eta Manttoni. Tartean onduko dira Urtebi Txikia, Txalaka, Urdin sagarra eta Gazi Berdea.
Azukre mailari dagokionez, heldutasuna 11,7 ºBrix da batez beste; hau da, sagardoak 0,5 gradu alkohol gehiago izango du aurreko urtekoak baino.
Almidoiaren erregresioa da kontuan hartzen den beste parametro bat; horrek adierazten du fruituaren heldutasuna zein den eta, beraz, noiz bildu behar den. Aurten, 2,4an dago almidoiaren tasa, azken urteetako apalenenetakoa. Horra hor zergatik datorren atzeratuta aurtengo kanpaina.
Datu horietatik, zera ondorioztatzen da, atzerapenez bada ere uztaren kalitatea ona izango dela. Petritegin, oso pozik gaude gure landareen eboluzioarekin. Oraindik gazteak baitira, ez dute sagar asko ematen baina bai kalitatezkoa. Hortik kanpo, nabarmentzekoa da sagasti ekologikoak ere baditugula.
Desiotan gaude uzta biltzen hasteko, emaitza albait lehenen dastatu dezazuen, hots: bi Petritegi sagardo mota eta gure sagar zukua.