2016.07.01 / Azken berriak
Sagardoa primeran ezkontzen da janari askorekin. Edan dezakegu arrainekin, haragiekin, entsaladekin, gaztekin... Sagardoa ezkon daiteke, orobat, suekin; izan ere, sagardo naturalak oso zapore berezia ematen die gure janariei. Sagardoa duten errezetak ezin konta ahala dira: harekin presta ditzakegu arrainak, haragiak, bai eta postreak ere. Sukaldaririk ospetsuenek eta blogaririk ezagunenek badakite ondo asko, eta atsegin handiak eman izan dizkigute zenbait errezetetan sagardoa erabilita. Hona hemen aukeraketa txiki bat, zeuen etxeetan proba dezazuen. Prest zaudete sukaldean sagardoarekin aritzeko?
Arrainak
Sagardoa bakailao frijitua jateko ezin hobea da sagardotegiko menuan, eta nola ez da izango, bada, sukaldean ere erabiltzeko. Karlos Argiñano sukaldariak probatua du, dagoeneko, bakailaoa sagardo erara errezeta honetan: beste zenbait barazkiren artean, esparragoekin, porruekin eta piperrekin lagundua. Denak zerrendatan moztu, eta kazolan frijituko ditugu su eztian; kazola horri sagardoa eta gure bakailao xerrakbotako dizkiogu. Plater gozoa eta osasungarria!
Baina bakailaoa ez da sagardoarekin presta dezakegun arrain bakarra. Lehen ere esana dugu arrain urdina oso ondo ezkontzen dela sagardoarekin. Bruno Oteizak honako errezeta hau proposatzen digu hegaluzea sagardo erara prestatzeko: Hegaluze xerrak zartaginean jarri eta estali egingo ditugu zenbait minutuz, eta kazola batean jarriko ditugu tipularekin, piperrarekin eta patatarekin. Ondoren, sagardoa botako diogu, eta, sutan minutu batzuk edukita, prest egongo da dastatzeko.
Sagardoa ondo doakion beste arrain bat sardinak dira; PetriKafen egiten ditugun sardina jateak ikusi besterik ez dago. Karlos Argiñanoren errezeta honetan bezala brasatan egin beharrean, arrautzeztatuta prestatuko ditugu, sagardoarekin egindako saltsa arin batekin. Gernikako piper goxo batzuek lagunduko dute.
Haragiak
Haragi gorriak edo zuriak, guztiak presta daitezke sagardoarekin, Eneko Sukaldari blogariak proposatzen digun azpizun honen gisara. Hasi aurretik, sagardotan edukiko dugu azpizuna hozkailuan, zenbait sagar zatirekin batera, ordu pare bat. Hurrengo pausoak hemen kontsulta ditzakezu.
Directo al Paladar izenekoan, txahal erregosia proposatzen digute. Beste edozein erregosi bezala prestatu behar da, baina salda edo likorea bota beharrean, sagardoa botako diogu, 750 bat ml, eta su txikian egosiko dugu.
Zer iruditzen zaizu haragi zuria sagardoarekin prestatzen badugu? Comidistak estragoi eta sagardo saltsa prestatzen erakusten digu, untxiarekin jateko. Haren blogean, errezeta osoa duzue.
Postrea
Errezeten atal hau amaitzeko, ezin postrerik gabe gelditu. Proposamen hau Eva Argiñanok egina da: digeritzen asko laguntzen duen postrea iradokitzen digu, limoi sorbetea sagarrarekin sagardo erara. Nork uka dezake horrelako gauza goxoa?