2016.07.08 / Azken berriak
Sagardoak milaka urte ditu Euskal Herrian, eta gure sagardotegia da antzinatasun eta erro horien erakusle, 500 urte baitaramatza tolarean sagardoa egiten. Hortaz, Petritegi gaur egun tradizioaren eta kulturaren erakusgarri da.
Ondare hori iraunarazi nahian, berritasun bat gertatu da sagardo naturalaren sektorean: sagardoaren Jatorri Izena sortu dute; haren bitartez, %100 sagar autoktonoz egindako kalitatezko sagardoa ziurtatu ahalko da. Jatorri Izena eta ekoizleen eta egileen elkarlana beharrezkoak dira euskaldun guztien ondare hau iraun arazteko.
Petritegik ez du oraintxe egin hemengo sagardoaren Jatorri Izena sortzearen alde: gure familian, betitik izan dugu, belaunaldiz belaunaldi, sagar autoktonoa, hau da, gure baserrietako sagarra erabiltzeko konpromiso sendoa. Horren erakusgarri da 2015. urteko uztan sagardoaren %60 sagar autoktonoarekin egin izana, eta 2011. urtetik, %100 Euskal Herriko sagarrarekin egindako Eusko Label sagardoa ekoizten dugu.
Azken batean, 100 urtetik gora daramatzagu geure sagarrondoak lantzen Astigarragan. Gaur egun, bost hektarea sagardi ditugu, eta, gainera, hor dira geure hornitzaileak, denak ere euskaldun baserritarrak.
Petritegin, 2011. urtetik ari gara landaketa berriak egiten baserrian —Astigarragako lehenak izan ginen "fruitu horma" eran landatzen— eta hamabost aldaera autoktonoren alde egin dugu.
Jatorri Izenaren helburuetako bat, Petritegirena ere badena, tokiko sagarraren erabilera sendotzea eta indartzea da. Aldaera autoktono horiek aukera ugari ematen dizkigute, mendeetan hautatuak eta hobetuak izan baitira. Jatorri Izenaren eta ikerketen bitartez, hobeto ezagutuko dugu lehengai autoktonoa, eta haren potentzial guztia garatu ahalko dugu; hortik, berriz, sektorearen hazkuntza etorriko da. Bestalde, sagardo guztia sagar autoktonoarekin ekoizteko, sektoreak labore lurrak behar ditu, eta produktuak lagundua izan behar du.
Sagardoaren Jatorri Izenak bi gauza bermatuko dizkio kontsumitzaileari: kontsumitutako sagardoa erabat geure baserrietako sagarrekin ekoitzia izatea eta kalitatezko sagardoa izatea. Horregatik, espero dugu laster ikustea Jatorri Izena duen Petritegi sagardoa.