2016.08.09 / Azken berriak
Sagardoa txotx eginda edo botilakoa hartuta oso gogoko badugu, zergatik ez prestatu beste edari batzuk sagardoarekin? Koktelak modan daude, eta sagardoa koktel asko egiteko osagai ezin hobea da. Ez da beharrezkoa oso glamour handiko konbinatuak prestatzea, edari ezagun batzuk ere sagardoarekin egin baitaitezke, ohiko osagaiak erabili beharrean. Sangria eta sorbetea horren adibide dira. Jarraian, zenbait ideia emango dizkizuegu protagonista sagardoa duten koktelak eta beste konbinatu batzuk prestatzeko.
Sagardo-sorbetea
Betiko sorbetea limoiarekin eta cavarekin egiten da, baina beste zapore batzuk ere sar ditzakegu (mandarina, marrubia edo anana, kasurako), baita beste edari batzuk erabili ere; sagardoa, esaterako. Konbinazio ugari daude, baina guk errezeta hau proposatzen dizuegu: limoi- eta sagar-sorbetea sagardoarekin. Osagai hauek behar dira bi pertsonarentzat: 2 errege-sagar, 100 mL Petritegi sagardo, 4 koilarakada limoi-izozki, 3 koilarakada azukre, eta kanela. Ebaki sagarrak, eta egosi 10 minutu azukrearekin, kanelarekin eta sagardoarekin batera. Hoztu ondoren, bota kopa batean, limoi-izozkiarekin. Zerbitzatu aurretik, apaindu nahi duzun moduan. Esaterako, menta-hosto batzuk erabil ditzakezu.
Sagardo-sangria
Sangria udako edari ospetsuenetako bat da, eta ez dago hura baino errezeta gehiago duenik. Oinarria ardoa eta fruta dira, eta horiez gain, gozagarriren bat eta likoreren bat bat erabiltzen dira; hala ere, nork bere estiloa du eta fruta nahiz edari ugari erabil daitezke. Oraingoan, ardoaren ordez sagardoa erabiltzea proposatzen dizuegu, eta gainerako osagaiak, zuen esku. Hona hemen sagardoarekin eginiko sangriaren adibide bat:
Litro bat Petritegi sagardo
Fruta: sagar, melokotoi eta laranja bana
Bi baso Sagarlore sagar-zuku
Limoi-zukua
Azukrea
Ron-zurrustatxo bat
Meloi- eta sagardo-koktela
Koktel honekin, aho bete hortz utziko dituzu gonbidatuak. Zapore bikaina izateaz gain, itxurak ere harrituta utziko ditu, meloiaren barruan bertan zerbitzatuko baitugu. Kendu mamia meloiari, eta gero, egin bola txikiak. Bolatxoak izoztu egingo ditugu. Ondoren, jarri bolatxoak meloi hutsaren barruan, banilla pixka batekin, mentarekin eta laranja-azalarekin. Azkenik, bota sagardo fresko-freskoa. Koktel hau sekulakoa da udarako.