Berriak

Hau duzu egunerokoa partekatzeko espazioa

Petritegiko Sagar-Bakarrak

2022.06.10 / Azken berriak

Mendeetan zehar, euskaldunek sagardo naturala egin dute, sagar mota ezberdinak nahastuz, izaeraren eta zaporearen arabera. Sagardogile bakoitzak bere sagar mota gustukoenak landatzen zituen -mikatzak, garratzak eta gozoak-, sagardoa bere gustora eginez. Hautaketa horren ondorioz, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak katalogatu duenez, gaur egun bertako 115 sagar mota desberdin ditugu. 1526tik aurrera, Astigarragako Petritegiko dolareetan, sagardogintza tradizionala nagusitu da, XIX. mendearen amaieran Otaño-Goikoetxea familiak oinordetzan hartu zuena. Orain urrats bat harago egitea erabaki dute. Zergatik ez egin produktu berri bat sagar mota bakarra erabiliz?

 

Ausardia

Petritegiko ekoizpen taldeak, Ainara Otaño zuzendaria eta Txetxu Mujika upeltegiko arduraduna buru zituela– biak ala biak familiaren 5. belaunaldikoak –, erronka hori proposatu zioten Argoitz Otaño familiako enologoa eta 6. belaunaldiko kideari; Sagar mota bakoitzaren esentzia eta ñabardura bakarrak transmititzea lortzen duen edari bat egitea. 2015etik Petritegin sagar-bakarreko 12 mikro-ekoizpen desberdin egin dituzte. Erronka horri esker, sentsazio berrien sorta zabaldu da, eta sagarraren nortasuna da aho-sabaiko protagonista.

 

Suharra

2021eko udazkenean, Argoitzek Petritegiko Euskal Sagardoa sagar-hornitzaile onenen lursailak bisitatu ditu barietate adierazgarrienen bila. Bere intuizioak bultzatuta, aurten hiru barietate aukeratu ditu: Txalaka, Goikoetxe eta Urtebi Haundi. Sagastian, ekoizleekin beraiekin, esperientzia egiaztatua duten profesionalekin, bilketa data erabaki  eta sagarra upategira eramaten da banaka, 1.000 kiloko kaxa txikietan.

 

Alaitasuna

Muztioa hartzitu ondoren, sagardo bakoitza bere ama gainean mantentzen da, bakoitza dagokion kupelean, garapenean eta upel-aldatzerik gabe, horrela sagar motaren ahalmen lurrintsua eta zapore guztia lortuz. Hemen tipikotasuna deritzona agertzen hasten da, non sagarrak ahosabaian bere ñabardura guztiak biluzik erakutsiko dizkigun: Txalaka garratza, frutaduna eta freskoa da; Urtebi Haundi mikatza ere bada, baina konplexua eta iraunkorra. Goikoetxe garratza eta mikatza da, oso orekatua eta bizia. Alaitasuna ahosabai guztientzat!

 

Ezagutu

Petritegiko Sagar-Bakarrak banakako formatuan edo hiru botilako dastatze-kaxa batean eros ditzakezu, upategiko dendan bertan, baita online dendan ere, www.petritegi.eus webgunean. Denda espezializatuetan, delicatessen dendetan eta zenbait jatetxetan ere aurkituko duzu aukera berria.

Ezagutu sagardo sorta berri hau eta ireki zure ahosabaia emozio berrietara...

 

 

Sagarrak

Alai sagardoa ekoizteko erabiltzen den Txalaka sagarra 2021eko iraileko azken astean jaso da bi lursailetan: Miñegi (Astigarraga) eta Agote-Txiki (Getaria). Ausart sagardoaren Urtebi Haundi sagar mota urriaren bigarren astean aukeratu da Agote-Txikin (Getaria) eta Antzietan (Alkiza). Suhar ekoizteko, Goikoetxe sagarra Agote-Txikiko sagastian (Getaria) urriko lehen astean bildu da.

 

Emozioak

Sagardo bakoitza helarazten digun emozio bakoitzarekin bataiatu da:

Txalaka, alaitasuna da. Ezagutu Alai.

Urtebi Haundi, ausardia da. Ezagutu Ausart.

Goikoetexe, suharra da. Ezagutu Suhar.

 

Zein emozio pizten dizute zuri?

Bilatzailea

Zeren bila zabiltza?