2016.05.23 / Azken berriak
Petritegikook oso familiazaleak gara; horregatik, zuri eta zure etxekoei jarduera programa zabal bat proposatzen dizuegu "Petritegi familian" goza dezazuen. Petritegira sagardotegiko menua dastatzera etortzen zaretenean, gure tailerrekin osa dezakezue eguna.
Kontua da zenbait jokoren bidez, era ludikoan eta dibertigarrian, familia osoak sagardoa nola egiten den ikastea eta sagardotegi bateko egunerokoan zer-nolako tresnak erabiltzen diren jakitea.
Gainera, ez ahaztu udaberriko eta udako hilabeteetan gure txotxeko sagardoa dastatzeaz. Sasoia bukatu bada ere, sagardoa eskainiko dizugu upeletik zuzenean. Eta, etxeko txikientzat, sagar zukua.
Gure jarduerak:
Haurrentzako tailerrak: 2 eta 14 urte bitarteko haurrek haientzako moduko tailerretan parte hartzeko aukera izango dute, eta, jokoen, materialen eta naturaren beraren bitartez, sagardogintzaren mundua inguratzen duen guztia aurkituko dute. Tailer horietan, haurrentzako menuak sartzen dira, adinaren arabera egokituta.
Gure baserria eraikitzen: Jarduera honetan, Petritegi baserri-tolare honen maketa eraiki behar da, eta, hala, garai hartako historia eta bizimodua ezagutuko dituzte. Jarduera honetako programan, sagarrondoaren eta sagardoaren munduan sakonduko da Otañotarrekin batean, eta erleek gure ingurunean nolako garrantzia duten ikusiko da; bestalde, muztio eta sagardo dastatzea eta sagardotegiko menua ere sartzen dira.
Etorri familiarekin eta gozatu Petritegiz!